Archive for the 'Politika' Category

10
Mar
08

2008ko espainiar hauteskundeei buruz analisia

Ezer baino lehen, ostiralean erahildako Isaias Carrasco PSEko kidearen familiari nire elkartasuna eta babesa adierazi nahi nioke, hala nola atentatu honek sortzen didan atsekabea. Ez demokrata ez abertzale bezela ez dut ekintza hau ulertu eta ez dut uste euskal gizartearekin bidezkoa izan denik. Hautetsi politikoei erasotzeko garaiak atzean geratu zirela uste nuen eta espainiar Estatuak Euskal Herrian salbuespen egoera ezarri duen arren, ilegalizazioak eta atxiloketa arbitrarioak bezain bidegabea iruditzen zait edozein ideologiako herri ordezkarien aurkako edozein eraso. Ikuspuntu politikotik, abertzaleon ekimena hankaz gora botatzeko besterik ez du balio izan gainera. Azken hilabeteotan iniziatiba politikoa eramatea lortu dugunean, euskal gizartearen zati handi baten babesa batu dugunean, atentatuak berriro jarrera defentsiboetara atzeratu gaitu, jarduera politikoaren kalterako. Hemendik ETAri bere estrategia birplanteatzeko eskatu nahi nioke. Oraindik ez dela berandu uste dut konponbide baketsu eta demokratiko batetarako elkarrizketei eusteko, eta horrelako ekintzek elkar ulertze honetatik urrundu besterik ez gaituzte egiten, Rubalcaba eta beste guda jaunen jarrera argumentalak indartuz. Beste errepresio-ekintza espiral batek ez gaitu inora eramango (orain gauden puntura ez bada), egokiagoa jotzen dut gure etsaiak arrazoiaren armekin garaitzea, eta alde horretatik orain arte bataila asko genituen irabazita.

Zein izan dira ETAk atentatu hau burutzeko eduki dituen arrazoiak? Ostiralean PSOEko Gobernuak ezker abertzalearen aurka ireki duen sorgin ehizari erantzun bat izan zela iruditu zitzaidan, eta hori bai, ezin zela ez une ezta helburu desegokigorik aukeratu pentxatu nuen. Orain, hauteskundeen emaitzak eskuan edukita eta suertatu den banaketa politikoa ikusita, buruari buelta batzu eman eta agian ETAk nahi zuen eszenatokia otu zait. Batetik, abstentzioaren intzidentzia handia aurreikusita zuten (apustu arriskutsua, nire ustetan), atentatuarekin ezker abertzaleari eroriko zitzaizkion presio eta arbuio zaparrada kontutan hartuta ere. Alde honetatik, ETAk jarraitzaile independentisten koherentzia eta irmotasuna erakutsi nahiko luke, edozein egoeretan batuak mantentzeko duten gaitasuna erakutsiz eta Gobernuari ezker abertzalea “azukre koxkor bat bezela desegin” ezingo dutenaren mezua bidali. Beste aldetik, jakina da ETAk Estatu mailako hauteskundeekiko duen jarrera. Euskal abertzaleen presentzia instituzionala ahal den mugatuena nahi du espainiar erakundeetan, eta atentatuarekin PSEren gorakada eta abertzaleen beherakada eragin nahi zuen agian. Hauek nire gogoeta utsak dira, ekintzak sortu didan harriduraren harira pentxatuak.

Atentatua eta ETAren asmoak atzean utzita, nik hauteskude hauei buruz egiten dudan analisi xumea: Estatu mailan garaile bakarra PPSOE eta bipartidismo gordina izan dira, oso emaitza txarrak nire iritziz. Kanpaina, aurrekanpaina eta orokorrean 4 urte hauek helburu honetara orientaturik egon dira. Bi alderdi hauen ikamika antzuek espainiar komukabideak eta tertulia politiko guztiak okupatu dituzte, PSOEren aurkari dialektiko bakarra PP dela, eta alderantziz, saldu digute, eta horrelakoxeak izan dira bozken emaitzak. Alderdi txikien hautesleek, beraien betiko alderdien hutsaltasunaz eta eskuina geratzeko aukera bakarra PSOE botatzea dela konbentziturik, bipartidismoaren tranpan erori dira IU, ERC, CHA… bezalako alderdi interesgarrien kalterako. Desagertu egin dira ia eta ez dirudi alderdi handiek hauen behar handirik edukiko ditenik. Emaitza ona eman dio PPSOEri eraiki duen tentsio artifizialak.

Euskal Herriko emaitzak interesgarriagoak dira. Nabarmenena, abstentzioak izan duen intzidentzia nabaria, hamar puntuko gehiagokoa 2004ko hauteskundeekin alderatuta eta Estatukoarekin konparatuta. Ukaezina da ezker abertzaleak egin zuen deiak eduki duen jarraipen zabala, eta deigarria egun hauetako presioaren gainetik hautesle independentistek mantendu duten jarrera irmoa. Ez da erreza emaitzetatik datu garbirik ateratzea. Ziur nago ezker abertzalekoak ez ezik, EAJ, EA, Aralar… alderdietako hautesle tradizional asko ere abstenitu egin direla, ilegalizazioen aurka protestatzeko, atentatuagatik nolabait “lotxatuta” edota beraien alderdiekin dezepzionatuta. Badakit baita askok botu zuria edo nuloa eman dutela, ilegalizazioen aurka baina ETArekin bat egin nahi izan ez dutelako.

Asko aipatzen dute baita alderdi abertzale “instituzionaleek” orokorrean jaso dituzten emaitza kaxkarrak, PSE bilakatu delarik Euskal Herriko alderdirik bozkatuena. Batzuek euskal gizarteak “abertzaleen erradikalizazioari” bizkarra ematen hasi dela ulertu nahi izan dute, nire ustez ondorio oker eta interesatua. Batetik, historikoki euskaldunok ez dugu berdin bozkatzen udal eta euskal autonomiako hauteskundeetan eta Estatu mailakoetan. Azken hauetan abstentzioa deigarria izaten da beti eta hautesle abertzale askok PSOE bozkatzera heltzen dira (betiko kontua, “eskuinaren otxoa datorrela!” eta bera geratzeko den bakarrari bozkatu, bozketa hauetan inoiz baino nabarmenagoa izan dena). Datu hauekin engainatuta, askotan saiatu dira PP eta PSOE EAE mailan Gobernuaz eta udalez jabetzen, orain arte poto eginez beti. Hauteskunde hauek izan duten faktore “desohikoek” ere eragin zuzena izan dute: batetik abstentzioak kalte handia egin die alderdi abertzaleei (lehen esan dudan bezela, ez dut uste ezker abertzaleko jarraitzaile tradizionalak soilik abstenitu direnik) eta bestetik PSEko kidearen erahilketaren ondoren sortu den aldeko uholdea ere kontutan hartu behar da. Ez dakit arrazoi honegatik PSE bozkatu duten abertzaleak asko direnik, baina ziur nago PSEko hautesle guzti-guztiak izan zirela hautestontzietan. Esan bezela, ez dut uste PSE emaitza hauekin engainatzen utzi denik. Agerikoa da Euskal Herrian egin duten kanpaina ez dela egon euskal auzietara orientaturik, Estatu mailako estrategia orokorrera atxikita baizik. EAJ eta Batasunaen aurkako ohiko erasoak alde batetara utzi eta PPren aurka egin dute burubelarri, Euskadi mailan zentzu geiegirik ez duena. Irratian entzun nuen bezela, deigarria da euskal sozialistek PSOEren izenean egin zutela kanpaina, eta ez PSE-EErenean.

Atzoko bozketen emaitzetatik aratago, ez nuke inork gurean ez direla hauteskunde normalak izan ahaztea nahi. Ideien ilegalizazioa, atxiloketa eta espetxeratzeak, ordezkari politiko baten erahilketa… Gatazkak goitik behera baldintzatu ditu emaitzak, bai Euskal Herri bai Estatu mailan eta hauen zilegitasuna dudan jar daiteke. Ni neu benetako hauteskunde demokratiko batzuen gogoarekin geratu naiz, aukera politiko guztien berdintasuna eta zilegitasuna errespetatu eta defendatuko duena. “Gure” alderdien jokaerak ere dezepzionatu egin nau beste behin, Madrilen Euskal Herriaren eskubideak defendatzeko proiektu bateratu bat adostu beharrean lehia elektoral mixerableetan murgildu bait dira. Espero dezagun hurrengo bozketetan egoera xamurragoa izatea, indarkeri eta inposizio zeinu guztiak desagertuta egotea. Ea hurrengoan.

27
Feb
08

Hemerotekei begira: 2004ean ere PSOEk ez omen zuen ETArekin elkarrizketatu behar

Espainiar Estatutko hauteskunde nagusietarako aste pare bat falta direlarik, alderdi politikoen propaganda aparatuak jo eta su ari dira lanean, etorkizun oparoak iragarriz eta hiritarron adimena iraintzen duten promesak egiten. Betikoa, hitz gutxitan, demokraziaz mozorrotutako merkataritza elektorala, hiritarroi parte hartze ilusioa sortu nahi diguna baina gauzak benetan aldatzeko aukera txikiena ematen ez duena. Euskal herritarrok aurrean dugun panorama berezia da, ia beti bezala, milaka eta milaka bozka baliogabeak eta “kutxatuak” izango baitira. Egoera honetaz baliatuko diren sarraskijaleak ere ez dira faltako, balizkotasunik txikiena eduki gabe ere gure ordezkari gisa izendatuko dutenak beraien burua. Euskaldunok hauteskunde hauetan ezer gutxi erabaki dezakegun arren, nabarmena da kanpainan dugun pisua eta kanpainaren emaitzek gugan izango duen eragin zuzena.

Benetan hauteskunde hauetan ezer jokatzen duten bakarrak bi alderdi espainiar nagusiak dira (komunikabide tradizionalen arabera besteak ez dira existitu ere egiten), PP eta PSOE, PSOE eta PP, azken urteotan eman duten haur eskolako borroka inozoa areagotu dutenak. Proposamenak eta eztabaida politikoa alde batetara utzi eta demagogia eta zinismoari eman diote burubelarri. Ea nor den gogorragoa inmigranteekin, ea nor den gogorragoa abertzaleekin… eta ezer gutxi gehiago, egia esan. Euskal auzia behin eta berriz ateratzen duten arren, nabarmena da ez direla hain zuzen euskaldunak buruan dituztenak eta horrela ulertzen dute euskal herritarrek (ikusi bestela telebistan emandako eztabaida elektoralak Euskal Herrian izan duen jarraipen exkaxa). Ukaezina da ordea bozketak Euskal Herrian eragina izango duela, bai Estatuko administrazio eta azpiegitura arloetan, baita Euskadi-Espainia erlazioetan eta beste bake prozesu bat habian jartzeko asmoetan ere.

Beste elkarrizketa prozesu bati ekiteari (ETArekin alde batetik, euskal alderdiekin bestetik) nahikoa eta soberan erantzun diote alderdi biek, gehiago oraindik, halako idi proba bati ekin diote nork botako ezezko borobilagoa. Ikuspegi tristea hasiera batean konponbide demokratiko eta baketsu baten alde egiten dugunoi, baina ez diegu hauteskunde bezperako politikarien harropuzkeri eta ahoberokeriek uzkurtu utzi behar. Hemerotekei begirada bat eman besterik ez dago: 2004ean PSOEk ETArekin ez hitzegiteko konpromisoa hartu zuen. Zapaterok berak esan zuen hitzez hitz “ETAri esateko dugun gauza bakarra indarkeria uzteko da”. Behin eta berriz errepikatu zuen mezu hau PSOE 2004 urtean zehar, eta horrela geratu da erregistratuta:

Jáuregui no ve opción para un final dialogado con ETA

Dirigentes del PSOE replican a Ibarra que cualquier iniciativa sobre ETA pasa por que abandone las armas

El Gobierno desautoriza la tesis de Ibarra de dirigir a ETA una «oferta de paz»

Gobierno y PSOE desautorizan a Ibarra y le marcan el camino: «Que se dejen las armas»

Etabar, etabar…

Gaur erakusten duen jarrera gogor bera erakutsi zuen orduan ere, eta denborarekin ikusi da ez dutela beraien hitza jateko inongo arazorik. Gauza bera egin zuen Aznarrek ere 1996 urtean, badirudi, “ez dugu ETArekin negoziatu behar” promesa elektoral estandar bat dela espainiar politikan. Horrela ba, espero dezagun konpromezu elektoral hau ahoberokeri hutsal bat izatea, gainontzekoak bezela, eta ea ez zaien berandutzen gauzak ardurarekin eta buruarekin hartu eta behar dena behar denarekin hitzegiteko.

11
Feb
08

No time for love – zabaldu elkartasuna

Ez dago maitasunerako aukerarik Euskal Herrian, zabaldu elkartasuna

Garai latzak gaurkoak, etorkizun zoriontsuago batean harriduraz, lasaitasunez eta itzuliko ez direnaren itxaropenarekin begiratuko ditugunak. Azken asteotan Euskal herriak bizi eta euskaldunok nozitzen ditugun jazoera segida honek intentsitate zorabiagarria hartu du egun hauetan.  Inkisitzaileek Euskal Herriaren eta Justizia unibertsalaren aurkako erasoa indartu dute, errepresio gordinena ezarriz: gaur 14 ordezkari abertzale atxilotu dituzte, atzo beltzek milaka pertsonen aurka eraso zuten Bilboko manifestazio batean, herenegun bi alderdi politiko, EHAK eta EAE-ANV legez kanporatu zituzten… Espainiar Estatuak ezarri duen eta gaur egungo Europan ezezaguna den salbuespen egoera honen azken oldarraldiak dira, aurrerago izan diren erasoei geitzen zaiena (18/98 makroprozesua, argitara atera diren tortura kasu ugariak…)

Egun gogorrak esan bezala, euskal herritarrontzako eta Justizian eta Demokrazian sinisten duen edozeinentzako. Orain urtebete irrifarreak eta esperantzak ematen zizkiguten agintariak zakur amorratak bilakatu dira, ekintzetan eta hitzetan. Orain urtebete gure arazo endemiko honen konponbidea eskura genuela uste genuelarik, beste aro batzuetako egoera gordinera itzuli gara. Tristura, ezintasuna, amorrua… Sentimentu ezkorrak eta etsituak nabari dira kalean. Lubakiean garaia ezarri nahi dute, ez elkarren ulermenarena. Gorrotoaren garaia ezarri nahi dute, ez maitasunarena.

Horrelako uneetan erreza ez den arren, ez dugu pentsamendu ilunei  gure justizia eta herri gogoa kakazten utzi. Etsipena itxaropen bilakatzen saiatu behar gara eta ezintasuna lanerako gogo. Irrazionaltasunari gure arrazoien irmotasunarekin erantzun behar diogu. Asko aurreratu dugu orain arte, gauza asko lortu ditugu, eta hori hor dago eta egongo da. Helduko dira garai hobeak.

http://notimeforlove-istimeforpeace.blogspot.com/ 

11
Jan
08

Torturari ez – Aste esanguratsua egizaleen eta manipulatzaile eta tratu txarren ezkutatzaileen artean

Denboraldi batean politikari buruz hemen ez hitzegiteko konpromisoa hartu nuen, baina badirudi herri honetan hori ezinezkoa dela. Aurreko golpeetatik (18/98 etab…) errekuperatzeko denborarik ez, eta torturaren mamuak berriro (joan al zen noizbait?) jotzen gaitu muturrean. Igandean bi gazte atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta astelehenean bat, astindu latz baten hostean, larri hospitaleratu egin behar izan dutenaren albistearekin esnatzen gara. Aste tirabiratsua izan da hau: ezagutzen joan diren xehetasunak, informazio kontrajarriak, politikari eta gizarte eragileen adierazpenak… eta denaren gainetik ondo ezaguna dugun dejavú sentsazio hau.

Espainiar komisaldegietako tortura beti egon da hor (Amnistia Internazionalak eta ONU bezalako erakundeek salatzen duten bezala), periodikoki entzuten dira gure hartean tratu txarrei buruzko historiak, Euskal Herritik kanpo ohiartzun gutxi edukitzen duten arren. Oraingoan gauza desmadratu egin zaie ordea. Batetik Igor Portu eta Mattin Sarasola egurtu dituzten Guardia Zibilak ez dira batere “profesionalak” izan eta markarik ez uzteko urrezko erregela hautsirik, hospitalera bidali dute bata eta hubelduz beteta utzi bestea. Eta bestetik, euskal komunikabideei esker lehenaren mediku txostena zabaldu da, tratu txarrak egon direla froga sahiestezin bilakatu dena. Azken honen faltan, ez litzateke aurreneko aldia izango ebidentzia fisikoei eta begi bistan ikusten diren zauriei entzungogor egin eta inolako indarkeriarik egon dela gezurtatzen ausartuko zirena. Honi esker kasu honek espainiar gizartean eta komunikabideetan entzutea eduki du (ze erremedio) eta besteetan ez bezala ordezkari politikoen erreakzioak sortu. Hipokrita batzuek tortillari buelta eman nahi izan diote gainera, eta kasu honek eduki duen ohiartzuna zurigarri bezela erabili “ikusten, benetan zerbait gertatzen denean jakin egiten da, sistemak funtzionatzen du eta justua da”. Kale indarkeriaren aurrean hain irmo eta asaldaturik agertzen diren beste batzu ixilik, adierazpen moderatuekin eta “errugabetasun printzipioa” errespetatzu agertu dira.

Gobernuaren erreakzioa aurrikusteko modukoa izan da, GALeko garai zaharretan bezala eskuak garbitu ditu, begibistakoa dena ukatuz eta inor (ezta bere aldeko komunikabide eta sasikazetari ugari ere) konbentzitzen ez duten azalpenak emanez. Guardia Zibilak kontatzen duena bi hankako mahaia baino ahulagoa da, hainbat aldiz aldatu dute bere bertsioa (aurrena atxiloketa “garbi” bat izan omen zen, gero atxilotu bat autoaren kontra jo eta zauritu zela kontatu digute, ondoren ihes egiten saiatu zirela…), denborek eta gertaerek ez dute bat egiten… ez dira aitzaki sinesgarri bat asmatzeko ere gai. Zertarako? Estatuak beti du arrazoia. Rubalcaba telebistan atera zenean argi utzi zuen bere asmoa: ez tortura zurrumurruak aztertu eta erantzunkizunak eskatzea, baizik eta denaren gainetik Guardia Zibilaren izen ona babestu eta bertsio ofizialean sinisten ez dugunoi erasotzea.

Gaur ostiralak 11, atxiloketetaik 4 egunetara, gauzek norabide interesgarri bat darabilte. Lekukoek Guardia Zibilak esana gezurra dela esan eta epailearen aurrean idatzita utzi dute. Gobernuak eta espainiar komunikabidek muzin egiten diote informazio berri hauei inguruan ezer esateari eta bertsio zaharrari eusten diote. Ea nola amaitzen den hau. Ea ohikoa den bezela ez den amaitzen behintzat. Nire zorionik beroenak aste guzti honetan zear hain gogor lan egin duten euskal komunikabideei, ateratzen joan diren informazioei esker egiaren alde “Zuzenbide Estatu” ustela hormaren aurka jartzea lortu dutelako. Nire eskerrona Gobernuaren amenazuen gainetik ikusitakoa kontatu eta Guardia Zibilaren bertsioa desegin duten lekukoei. Baita torturaren aurka aste honetan mobilizatu diren guztiei ere. Denon hartean lortuko al dugu noizbait terrorista berdeen inpunitatearen amaitzea.

20
Dec
07

18/98 auzia – auzipetuen defentsaren argudio ixilaraziak

Atzo 18/98 makroepaiketaren epaia eman zen. Ezustekorik ez, 47 euskal herritar 500 urtetako gartzela zigorretara kondenatuak izan dira. Bere krimena, Euskal Herriaren eskubideen aurre jarrera inkonformista baina baketsua ematea. Gaur egun ordea ez da nahikoa bakezalea izatea terroristatzat akusatua izatea sahiesteko. Nahikoa da desobedientziaren eta autodeterminazioaren aldeko ideologia “arriskutsu” bat izatea (Garzon dixit) etakide arriskutsu bezala epaitua eta zigortua izateko. Nahikoa idatziko da egun hauetan epai honek esanahiari buruz, eta nahikoa mobilizatuko da euskal gizartea ere bidegabekeria hau salatzeko eta errepresaliatuei elkartasuna adierazteko; oraingoan nere asmoa auzipetuen defentsak emandako arrazoiak, komunikabideek jakinaren gainean ixilarazi dituztenak, azpimarratzea eta ezagutzen ez dituztenei jakitera ematea da.

Akusazioaren oinarria “militantzia bikoizketaren” kontzeptuan datza, zeinarekin ETAk bere kideak beste arlo batzuetan kokatzen zituen (politikoa, gizarte mugimenduetakoa, komunikabideetakoa…), horrela etakideak bi erakundeetako kide izan litezkelarik. Hau dokumentazioak, etakide ugariren adierazpenek eta ETAren historiak berak gezurtatzen du. Militantziaren bikoizketaren kontzeptua ETA(pm)rena da soilik, ETA(m)k 1974ean baztertu zuen eta oraindik ere publikoki baztertzen du. Eztabaida hau izan zen hain zuzen ere hauen zatiketa ekarri zuena, eta (zabaldu zenez) Perturren erahilketa ETA(m)ren eskuetan. Epaileak erabilitako terminoetan orduan, KAS ETA(pm)ren menpekoa izango litzateke. Baita PSE-EE ere.

1000 orrietako epaiean ematen den arrazoik eta frogarik zentzudunenak (gehienak “ETAk X. Zutabean euskal gizarteak presoen alde manifestatu behar lukela dio” ergo “presoen alde manifestatzen direnak ETAren menpe daude” bezalako argumentu txotxoloak dira) ustez ETAri antzemandako dokumentu urri batzuetako informazioa dira. Atentzioa deitzen du nola sinesgarritasun osoa ematen dien dokumentu ez ofizial hauei (ustez bere gain zituzten etakideek gezurtatu egin dute beraien benetakotasuna), eta nola haurrekoa gezurtatzen duten barne dokumentu, komunikatu eta ETAren buruzagien deklarazio piloaren aurrean entzurgorrarena egiten duten. Ez al zuen ba ETAk beti egia esaten, edo komeni zaienean bakarrik?

Ezin dira dokumentu susmagarri pare bati helduz (erderaz idatziak, ETAk bere barne dokumentazioarekin inoiz egin ez duena) ETAren historiari buruz 40 urte luzeetan idatzi den guztia gezurtatu. Polizia eta epaileek berak ontzat ematen duten ETAren historia hain modu baldarrean ezeztatzen duten oinarri gabeko argumentuek ez dute sinisgarritasunik. Konparazio bat egiteko, poliziak bihar “mendian aurkitu ditugun dokumentu hauen arabera, Franco komunista omen zen” esango baluke, ez dut uste inork kontutan hartuko luketeneik tontakeri hau. Gure kasuan bezala, ez bada komeni behintzat.

Badaude auzi honetan beste gauza ugari kiratsa darienak (adibidez, nola da posible orain hilabeta batzu Jarrai-Haika-Segiren auzian Audientzia Nazionalak ETAren zati ez zirela ondorioztatzea, eta orain arrazoi berberekin KAS, Ekin, etab… ETAren bihotza direla esatea? Munduko ze tokitan zigortzen da jendea denagatik, ez egiten dutenagatik?) baina badaude ni baino jakitunagoak banan banan aterako dituztenak. Laburbilduz, egun tristeak dira hauek, bai euskal gizartearentzat eta baita justizia berarentzat ere. Ea euskal gizarteak gure samina behar bezala bideratzen asmatzen dugun, eta gure politikariek krimen honen aurrean eman beharrekoa ematen duten.

Informazio gehiago:

www.gara.net/idatzia/20060510/art163617.php
www.mundurat.net/pat/b2lhart_imp.php?p=33761
www.18-98plus.com/epaiketak/hemezortzi/a/dokumentuak_eu/24hem/heme
www.gara.net/paperezkoa/20070307/6822/es/Iruin/Este/juicio/sustenta/una
lahaine.org/index.php?p=24743
www.mundurat.net/pat/articulo.php?p=54311

03
Dec
07

18/98, herriaren aurkako azken erasoa

Errepresioa, sorgin-ehizak eta auzi politikoak iraganeko kontua direla ia konbentzitu gaituzten honetan, beste behin ohartzen gara Inkisizioaren eta Burgoseko Prozesuaren arotik ez direla gauzak hainbeste aldatu espainiar Estatuan. Beste behin demokrazia eta zuzenbide estatuaren maskara kendu eta ezarritako pentsamendutik aratago doazenei bere aurpegi totalitarioa erakutsi diote. Beste behin euskal gizartea zuzenean eraso dute, eta euskal herritarrok ez zaigu espainiar nagusiaren aurrean belaunikatu eta gure segurtasuna eta askatasuna bermatzeagatik eskerrak eman besterik geratzen, gure amorru eta ezintasuna irentsiz. Beste behin “euskal arazoa” konpontzeko (arazoa gurea balitz bezala) duten eskaintza luzatu digute: men egitea edo gaizkile gisa tratatua izatea. Oraingoan 52 herrikide hauei egokitu zaie espainiar Estatuaren konplexuak nozitzea, barrutik jaten ari zaizkion arazoak atxiloketa eta espetxeraketekin konponduko dutelakoaren sinismenarekin.

Iada apenas saiatzen diren disimulatzen ere. Argi eta garbi esan dute 18/98ko prozesatuak ez dituztela indarkeriarekin izan ditzazkeen loturagatik epaitzen, beraien “ideia subertsiboegatik” baizik. Noski, espainiar nazionalista atzerakoienentzat nahikoa da nazio gutxituen burujabetzaren aldekoa izatea gaizkile odoltsuarenaren parean jartzeko; errudunak direla nabaria da, gero bilatzen/asmatzen dira hau frogatzeko frogak (hauek falta badira ere, 18/98 prozesuko kasuan bezala, ez du gehiegi axola). Euskal Herriaren salbuespen egoera nabarmena da eta aurreko mendekotzat jotzen genituen sistema politikoetan bezala, espainiar Estatuak erantzunkizun eta zigor kolektiboak ezartzeari ekin dio, gaur egungo Europan tokirik eduki behar elukeen astakeri juridiko batean.

Hauteskundeen etorrera ere kontutan hartu bearreko faktore bat da, hurrengo hilabeteetan espainiar bi alderdi nagusiek (praktikan bakar bat gisa jarduten dutenak) elkarrekin lehiatuko bait dute zeinek emango euskaldunei egur gehien. Helburu propagandistiko honekin, komunikabideak buru belarri jarri dira espainiar herriari zapalketa hau Estatuaren garaipen gisa saltzen “indarkeriaren munduarekiko”, gezur eta demagogia askorekin baina taxuzko datu edo informaziorik eman gabe. Tristea da nola manipulazio triste honek espainiarrengan duen eragina, badirudi errepresioaren mezua ongi hartzen dutela (salbuespen ohoregarri batzuekin). Atentzioa deitzen didate herritar xumeen hartean eragin handia duten telebista sasi-tertulianoen hitzek: ba omen zen ordua justiziak zerbait egin zezan, eta erabat ados omen daude epailearekin. Hori bai, gero ez dakite oso ondo 18/98 prozesua Batasunaren edo Kale Borrokaren kontrakoa ote den.

Aspaldi konturatu dira ordea ezingo dituztela euskal herritarrak hain errez engainatu, euli nazkante hauek erantzunik gabeko galderak egiten dituztela eta agindutakoari men ez egiteko ohitura itxusia dutela; hau dela eta, ezkutuko trikimailu guztiek huts egin ondoren, kriminalizazioa eta errepresio gordinari ekin diote. Aspaldi konturatu dira baita ez direla gizabanako soilen aurka ari, herri antolatu baten kontra baizik, eta ondorioz, herria bera zigortzen dute, herri honen defentsan nabarmentzen direnak turko-buru gisa harturik. Beraiek dira ordea zereginik ez dutela ohartzen ez diren bakarrak, oraindik min asko egiteko ahalmena duten arren, arrazoiaren guda aspaldi galdu zuten. Giza eskubideen aurkako eraso zuzen eta nabari hauek bere ezinegona adierazten dute, ez direla gai Euskal Herriaren martxa geldiarazteko. 52 espetxeratuentzako esker onezko besarkada bat momentu ilun honetan, eta etorkizunerako animoak. Asko gara, 52 baina gehiago, uztera behartuak izan zareten bidea jarraitzeko prest.

http://www.blogari.net/1898erantzun

15
Nov
07

PSOE eta espainiar Estatuko herrien autodeterminazio eskubidea

Euskal Herrian eta espainiar Estatuan betiereko eztabaida da herrien autodeterminazio eskubidearena. Delako trantsizio eta aro demokratikoan ere, segidako Gobernu espainiarrek (beraien burua ezkertiar gisa saltzen dutenak barne) sistematikoki ukatu dute Nazio Batuen Gutunean eta Giza Eskubideen Nazioarteko Akordioetan bilduta oinarrizko eskubide hau (http://en.wikipedia.org/wiki/Self-determination). Askori kontraesan bat iruditzen zaigu alderdi ezketiar batek eskubide hau ukatzea, nahiz eta hauek beraien burua zuritzeko arrazoi aurrefabrikaturik ez falta. Bada, badirudi PSOEk berak ez daukala garbi zein den bere jarrera, 1977 arte autodeterminazio eskubidearen babesle sutxua bait zen. Ikusi honakoa, 1974eko PSOEren Suresneseko Kongresuan (http://es.wikipedia.org/wiki/Congreso_de_Suresnes) adostutako ebazpenetik aterea, zeinarekin gainera zetorren transtzizio demokratikoari heldu nahi zitzaion:

Resolución sobre Nacionalidades y Regiones

Ante la configuración del Estado español, integrado por diversas nacionalidades y regiones marcadamente diferenciadas, el PSOE manifiesta que:

1- La definitiva solución del problema de las nacionalidades que integran el Estado español parte indefectiblemente del pleno reconocimiento del derecho de autodeterminación de las mismas que comporta la facultad de que cada nacionalidad pueda determinar libremente las relaciones que va a mantener con el resto de los pueblos que integran el Estado español.

2.- Al analizar el problema de las diversas nacionalidades el PSOE no lo hace desde una perspectiva interclasista del conjunto de la población de cada nacionalidad sino desde una formulación de estrategia de clase, que implica que el ejercicio especifico del derecho de autodeterminación para el PSOE se enmarca dentro del contexto de la lucha de clases y del proceso histórico de la clase trabajadora en lucha por su completa emancipación.

3.- El PSOE se pronuncia por la constitución de una República federal de las nacionalidades que integran el Estado español por considerar que este estructura estatal permite el pleno reconocimiento de las peculiaridades de cada nacionalidad y su autogobierno a la vez que salvaguardia la unidad de la clase trabajadora de los diversos pueblos que integran el Estado español.

Non geratu dira orain lehen hain garbi zituzten ideiak? Zerk eragin du jarrera aldaketa hau? Zer balio dute orain autodeterminazi eskubidea ukatzeko errepikatzen dituzten arrazoiak? Laburbilduz, ni neu Julio Anguita espainiar komunistaren hitzekin geratzen naiz:

Autodeterminazio eskubidea defendatzen dut, ez abertzalea naizelako, demokrata naizelako baizik.

PD: milesker videli (http://www.flickr.com/photos/videl2/) estekengatik.