Archive for the 'Historia' Category

27
Nov
07

Korsika, Aro Modernoko lehen errepublika demokratikoa

1755eko azaroan, Genovaren aurkako guda luzearen ostean, Korsikak bere independentzia aldarrikatu zuen eta Korsikar Konstituzioa sortu. Konstituzio hau ilustrazioa edo Argien mendeko ideietan oinarritutako lehena izan zen (baita emakumeari bozka eskubidea ematen zion lehena ere), eta Aro Modernoko lehen errepublika demokratikoa finkatu zuen, Estatu Batuetakoa (sarri lehen konstituzio demokratikotzat jotzen duguna) baino 32 eta Poloniako baino 36 urte lehenago. Pasquale Paoli abertzale korsikarra izan zen bere egile eta bultzatzaile nagusiena, baita korsikarrei Genovaren aurkako borrokan garaipena ekarri zien buruzagia.

Paoli (1725 – 1807), “Korsikar Nazioaren Generala”, errepublikako buruzagia, “Il Babbu di a Patria” (aberriaren aita) korsikarrentzat, demokraziaren eta askatasunaren sinbolotzat zuten bere garaikideek, eta bere ideiek Jean-Jacques Rousseau, Voltaire, Raynal eta Mably bezalako filosofarien babesa jaso zuten. Genovarrak kanporatu ondoren, errepublikaren eraikuntza bere gain hartu zuen eta konstituzioa aplikatzeari ekin: administrazio eta justizia sistema bat sortu zuen, armada nazional bat eraiki eta unibertsitate bat altxa.

Garaiz aurreko korsikarren errepublika honek gutxi iraun zuen ordea, 1769an Frantziak irla inbaditu bait zuen. Paoli eta bere abertzaleak gudaroste itzelaren aurka borrokatu ziren sutsuki urte oso batean zear, baina azkenean garaituak izan ziren, eta Paoli Ingalaterrara errefuxiatzera behartua. Erbestetik Korsikaren independentziaren alde lanean jarraitu zuen bere heriotzarte.

26
Oct
07

Frantzisko Xabierkoa bere euskaltasunari buruz XVI. mendean

Aurreko sarreran jorratu nuen gai baten arira dator honakoa ere, Nafarroaren euskaltasunari buruzko eztabaidarena. Nafarroako erresumaren oroimena eta galdutako burujabetza aldarrikatzen dugunoi, zor zaizkigun eskubideak bortxatutako zuzenbidearen oinordekoak direla pentxatzen dugunoi, historia manipulatzea edota zuzenean ezjakintasuna egozten digute. Euskal Herria ente politiko gisa ez omen da inoiz existitu, Nafarroako erresumak izaera espainiarra omen zuen osoki (pozaren batu omen ziren Gaztelako korora), euskal herritarra eta nafarra izatea bateraezina omen dela…

XVI. mendean auzi hau nola ikusten zen ikusteko aipamen bat ekarri nahiko nuke arira, Xabierko Frantzisko nafar peto-petoak bere burua definitzen zuen modua:

“…vizcaíno de linaje y lengua, y navarro de nación…”

Kontutan hart, noski, garai hartan bizkaitar hitza (vizcaíno) euskaldunaren sinonimo zela. Esaldia nahiko esanguratsua dela uste dut, garai hartako nafarrek beraien burua Nafarroako semetzat gain euskalduntzat zeukatela alegia, Gaztelaren koroapean zeduen beste euskaldunekin anaituta.

25
Oct
07

1936an denek garbi zuten Nafarroaren euskaltasuna – Calvo Soteloren hitzaldia

Hona hemen Jose Calvo Sotelo diputatu eskuindar espainiarrak 1936ean egin zuen hitzaldia, non bere “prefiero una España roja a una España rota” esaldi famatua bota zuen:


El Gobierno podrá adoptar determinaciones fulminantes y enérgicas contra las propagandas separatistas que lleva a cabo el nacionalismo vasco con una representación parlamentaria que, por fortuna para Nabarra, no ha llegado a tocar a esta otra cuarta provincia vascongada. Todo eso del estatutismo, del regionalismo, del federalismo, es farsa, ficción, hipocresía, cobardía aquí y cobardía allí. Estimo que toda organización de tipo nacionalista que atente contra las esencias sagradas de la patria, debe ser proscrita de la legalidad en absoluto. Yo, en el Urumea en referencia al mítin pronunciado en el frontón de San Sebastián dije que prefería una España roja a una España rota. Con una España roja no se va a romper el vínculo o la unidad nacional mientras que con una España rota, ¡la Patria quedaría para siempre muerta!“.

Hitzaldia gaur egun entzutera ohituta gauden erretolika nazional-katoliko bera da, ez du interes gehiegiri (espainiar nazionalismoaren irrazionaltasuna agerian jartzea agian). Atentzioa izugarri deitu didana beltzez azpimarratu dudan esaldia da, Nabarra, la cuerta provincia vascongada. Badirudi 1936ean denek, espainiar ultra-eskuinak barne, garbi zuela Nafarroa beste euskal probintzia bat zela, eta inongo arazorik gabe adierazten zuten. Aldiz, gaur egun antzeko zerbait esatera ausartzen garenok ia jan egiten gaituzte, “inperialistak” eta “ezjakinak” hotseginez (zozoak beleari…).

Nafarroaren izate euskalduna ukatzen duen gaur egungo diskurtso ofiziala, Madrileko bozeramaileek, Nafarroa bertako erreketeek eta EAEko neguriarrek errepikatzen dutena, ez da gezur potolo eta antzeman erreza soilik, gezur asmatu berria ere bada.