Gure gizartean epidemia hilgarririk bada, hau auto istripuena da. Errepidean hildakoen gazte kopurua heriotza kausarik ohikoena da gazteen artean, drogak, lan istripuak edota gaixotasunak baino gehiago. Nork ez dugu ezagutzen auto istripuan hildakoren bat? Bizi guztirako ondorioak geratu zaizkion dohakaberen bat? Nork ez du lagun edo sendiko bat susto latza hartua? Gerra, gosete edo gaixotasun faltan, badirudi mendebaldeko gizarte honek bere gazteak hiltzeko modu berriak asmatzera behartua izaten dela. Gobernu ezberdinak arazoa konpontzen ahalegintzen direla esaten duten arren (multa zorrotzagoak, puntuko gidabaimena…), zifrek ez dute engainatzen: errepideetan hildakoen kopurua ez aurrera ez atzera dago eta aplikatzen diren neurriek eman ahal zutena emana dutela ematen du. Ez al da iada ezer gehiago egin? Heriotza hauek betirako jasan beharko ditugun gaitz endemiko bat al dira? Nire ustez ez, baina auziari aurre egiteko erabiltzen den ikuspuntua ez da egokia.
Istripuaren ardura eragin duenarena dela soilik konbentzitu dugu gure burua (ez gaizki ulertu esan nahi dudana, 200km/h eta mozkortuta doana arduragabe arriskutsu bat da, hori ez du inork zalantzan jartzen) eta auto istripuen aurkako politika guztia maxima honetara zuzendurik dago: erruduna zigortzera edota gidariak zigorrarekin beldurtzea. Begibistakoa da ikuspuntu honek ez duela ezbeharren kopurua era ikusgarrian jeitsi, ez duela jendea abiaduraren arriskuaz eta tonelada pasatxoko makina bat eramateak ekartzen duen ardurari buruz kontzientziatzea lortu. Oinarrizko zerbaitek huts egiten du, eta hau gure gizartean eta garunetan erraietaraino sartuta dagoen Abiaduraren Kultura da.
Gidatzean arduratsua izan behar dugula ohartarazten gaituzten mezuak kaka hutsa dira abiaduraren apologia egiten duten propaganda eta diskurtsoen zaparradaren aurrean. Abiaduraren kontzeptua askatasunarekin, arazoetatik ihes egitearekin, dibertsioarekin, boterearekin eta gizontasunarekin (pf!) lotzen dugu. Txiki txikitatik, abiadaren zirrara igorri digute gure jostailuetan (HotWheels, velocidad a tope!) eta marrazki biziduenetan, erantzunkizunaren kontzeptuaren arrastorik gabe. Telebistan ikusten ditugun istripuen irudiak ezerezean geratzen dira, edonon aurkitzen bait ditugu abiaduraren onura eta estetika saltzen diguten mezuak: filmeak (“The Fast & THe Furious” har genezako adibide bezela, baina ze filmek ez du auto lasterketa bat?), bideojokoak… Gero eta auto potentegoak saltzen eta desirarazten dizkigute (eta gero abiaduraren mugak errespetatzean nahi dute?), eta “jolastea atsegin duzu?” bezalako mezuekin iragartzen.
Arazoa ez da multekin eta puntutako gidabaimenekin gidari ausartenak (burugabeenak) kokiltzen saiatzea, soberan frogatu da honek ez duela funtzionatzen. Zabaltzen den mezua ez da “ez dezadan edan, joan nadila tentuz eta lasai, errepidea gauza serioa baita”, baizik eta edateak, azkar joateak eta bolantean balentriak egiteak duen arazo bakarra ertzaintzak arrapatzea dela. Auzi honen irtenbidea, nere ustez, arduraren kultura bat sustatzean eta abiaduraren mitoa eraisten saiatzean datza. Errepidea gai serio bat bezala hartzen hasi, zabaltzen diren mezuekin kontu handia edukiz eta arinki eta axolagabe ez hitzeginez, gaur egun sexismoaren eta arrazakeriaren auziak tratatzeko erabiltzen den erregistro berean. Auto fabrikatzaileek arau moral saiestezin gisa hartu behar lukete auto motelagoak eraikitzea.
Ez da nire asmoa gogoeta hauekin inorri ezer aurpegiratzea, eta erretolika moral erredentorearen antza badu sentitzen dut, baina abiaduraren auzia tratatzen den arinkeriak eta saltzen diguten irudi “guaiak” sutan jartzen nau, badirudi ez garela konturatzen hildakoak eta bizi guztirako elbarrituak sortzen dituen arazo bat dela, jende asko dagoela sendiko edo lagun bat errepidean galdu duena (zorionez ez naiz horietako bat), eta hauei ez zaiela iruditzen jolas bat edo algaraka tratatzeko gai bat denik. Datu ezkor guztien gainetik istripuetan hildakoen arazoak konponbidea duenaren sinismena dut, baina horretarako gauza asko aldatu behar dira eta hartu beharreko neurri asko ez dira oso onartuak izango. Ez egon zain Gobernuak edo Jaurlaritzak legez behartzera, lehen esan dugun bezala inposaketak ez du ezer konpondu orain arte. Norberak hasi behar du duen erantzunkizunaren jakitu izaten.
Recent Comments