Egia ukaezina da sexuen parekotasunaren alde asko aurreratu dugula azken hamarkadetan. Egia da baita oraindik asko dugula borrokatzeko eta lortzeko, eta honetarako ez zaigu ez gogoa ahuldu, ekimenak agortu edota gogo oneko jendea falta. Ordea, azkenaldian diskurtsu kontra-feminista indartzen eta kaleratzen ari denaren perzepzioa dut, nolabait feminismoaren zilegitasun aurrerakoia dudan jartzen ari dela, gero eta gehiago. Batzuetan anti-feminismoz mozorrotutako matxismoaren aurka ari garenaren sinismena dut, baina hau arrazoi sinpleegia da fenomeno hau justifikatzeko. Ez gara, agian, praxis feminista ezegoki baten fruituak jasotzen ariko?
Feminismoaren izenean, batez ere erakundeek bere egin zutenetik, babokeri asko egin direla eta benetan axola duena alde batetara utzi dela uste dut. Adibidez, publizitate gosea duten hainbat kolektibo pseudo-feministek egunkari bateko publizitate sexista salatzen dute. Arrazoie ez zaie falta, baina zergatik ez diote lehentasuna ematen egunkari horretan bertan agertzen diren prostituzio iragarkiak salatzeari? Zergatik aipatzen dira hain gutxi Hondarribiko alardea edo sexu arteko soldata ezberdintasuna bezalako gertuko auziak, eta hainbeste bideojoko bateko sexu rolen pisu ezberdintasunari buruzko sasi-ikerketak?
Bada gainera askotan erantzuntekorik gabe uzten nauen beste auzi bat, sexu topikoen aurrean dugun erantzun ezberdina. Iragarki, telesail edo filme batean emakumearen topiko babuak agertzen direnean zuzenean (eta arrazoiarekin) salatzen ditugu. Aldiz, ez dugu berdin jokatzen gizonari buruzko topiko babuak agertzen direnean. Askok emakumearen askapenarekin lotzen dute gainera jokaera sexista hau. Jokabide bikoitz honek feministon sinesgarritasunean eragina du.
Esan bezala, oraindik asko dugu lortzeko, baina nire ustez batzuek bere estrategia birplanteatu behar lukete. Tik hembristak ez dira erantzuna, gizon vs emakume dikotomiak ez garamatza inora. Diskurtso hau gainditzea, sexu denei atxikitutako topiko hauen birrinketa garaipen bat izango da benetako berdintasunaren bidean.
0 Responses to “Feminismoa topiko guztien gaindiketatik pasatzen da”