10
Mar
08

2008ko espainiar hauteskundeei buruz analisia

Ezer baino lehen, ostiralean erahildako Isaias Carrasco PSEko kidearen familiari nire elkartasuna eta babesa adierazi nahi nioke, hala nola atentatu honek sortzen didan atsekabea. Ez demokrata ez abertzale bezela ez dut ekintza hau ulertu eta ez dut uste euskal gizartearekin bidezkoa izan denik. Hautetsi politikoei erasotzeko garaiak atzean geratu zirela uste nuen eta espainiar Estatuak Euskal Herrian salbuespen egoera ezarri duen arren, ilegalizazioak eta atxiloketa arbitrarioak bezain bidegabea iruditzen zait edozein ideologiako herri ordezkarien aurkako edozein eraso. Ikuspuntu politikotik, abertzaleon ekimena hankaz gora botatzeko besterik ez du balio izan gainera. Azken hilabeteotan iniziatiba politikoa eramatea lortu dugunean, euskal gizartearen zati handi baten babesa batu dugunean, atentatuak berriro jarrera defentsiboetara atzeratu gaitu, jarduera politikoaren kalterako. Hemendik ETAri bere estrategia birplanteatzeko eskatu nahi nioke. Oraindik ez dela berandu uste dut konponbide baketsu eta demokratiko batetarako elkarrizketei eusteko, eta horrelako ekintzek elkar ulertze honetatik urrundu besterik ez gaituzte egiten, Rubalcaba eta beste guda jaunen jarrera argumentalak indartuz. Beste errepresio-ekintza espiral batek ez gaitu inora eramango (orain gauden puntura ez bada), egokiagoa jotzen dut gure etsaiak arrazoiaren armekin garaitzea, eta alde horretatik orain arte bataila asko genituen irabazita.

Zein izan dira ETAk atentatu hau burutzeko eduki dituen arrazoiak? Ostiralean PSOEko Gobernuak ezker abertzalearen aurka ireki duen sorgin ehizari erantzun bat izan zela iruditu zitzaidan, eta hori bai, ezin zela ez une ezta helburu desegokigorik aukeratu pentxatu nuen. Orain, hauteskundeen emaitzak eskuan edukita eta suertatu den banaketa politikoa ikusita, buruari buelta batzu eman eta agian ETAk nahi zuen eszenatokia otu zait. Batetik, abstentzioaren intzidentzia handia aurreikusita zuten (apustu arriskutsua, nire ustetan), atentatuarekin ezker abertzaleari eroriko zitzaizkion presio eta arbuio zaparrada kontutan hartuta ere. Alde honetatik, ETAk jarraitzaile independentisten koherentzia eta irmotasuna erakutsi nahiko luke, edozein egoeretan batuak mantentzeko duten gaitasuna erakutsiz eta Gobernuari ezker abertzalea “azukre koxkor bat bezela desegin” ezingo dutenaren mezua bidali. Beste aldetik, jakina da ETAk Estatu mailako hauteskundeekiko duen jarrera. Euskal abertzaleen presentzia instituzionala ahal den mugatuena nahi du espainiar erakundeetan, eta atentatuarekin PSEren gorakada eta abertzaleen beherakada eragin nahi zuen agian. Hauek nire gogoeta utsak dira, ekintzak sortu didan harriduraren harira pentxatuak.

Atentatua eta ETAren asmoak atzean utzita, nik hauteskude hauei buruz egiten dudan analisi xumea: Estatu mailan garaile bakarra PPSOE eta bipartidismo gordina izan dira, oso emaitza txarrak nire iritziz. Kanpaina, aurrekanpaina eta orokorrean 4 urte hauek helburu honetara orientaturik egon dira. Bi alderdi hauen ikamika antzuek espainiar komukabideak eta tertulia politiko guztiak okupatu dituzte, PSOEren aurkari dialektiko bakarra PP dela, eta alderantziz, saldu digute, eta horrelakoxeak izan dira bozken emaitzak. Alderdi txikien hautesleek, beraien betiko alderdien hutsaltasunaz eta eskuina geratzeko aukera bakarra PSOE botatzea dela konbentziturik, bipartidismoaren tranpan erori dira IU, ERC, CHA… bezalako alderdi interesgarrien kalterako. Desagertu egin dira ia eta ez dirudi alderdi handiek hauen behar handirik edukiko ditenik. Emaitza ona eman dio PPSOEri eraiki duen tentsio artifizialak.

Euskal Herriko emaitzak interesgarriagoak dira. Nabarmenena, abstentzioak izan duen intzidentzia nabaria, hamar puntuko gehiagokoa 2004ko hauteskundeekin alderatuta eta Estatukoarekin konparatuta. Ukaezina da ezker abertzaleak egin zuen deiak eduki duen jarraipen zabala, eta deigarria egun hauetako presioaren gainetik hautesle independentistek mantendu duten jarrera irmoa. Ez da erreza emaitzetatik datu garbirik ateratzea. Ziur nago ezker abertzalekoak ez ezik, EAJ, EA, Aralar… alderdietako hautesle tradizional asko ere abstenitu egin direla, ilegalizazioen aurka protestatzeko, atentatuagatik nolabait “lotxatuta” edota beraien alderdiekin dezepzionatuta. Badakit baita askok botu zuria edo nuloa eman dutela, ilegalizazioen aurka baina ETArekin bat egin nahi izan ez dutelako.

Asko aipatzen dute baita alderdi abertzale “instituzionaleek” orokorrean jaso dituzten emaitza kaxkarrak, PSE bilakatu delarik Euskal Herriko alderdirik bozkatuena. Batzuek euskal gizarteak “abertzaleen erradikalizazioari” bizkarra ematen hasi dela ulertu nahi izan dute, nire ustez ondorio oker eta interesatua. Batetik, historikoki euskaldunok ez dugu berdin bozkatzen udal eta euskal autonomiako hauteskundeetan eta Estatu mailakoetan. Azken hauetan abstentzioa deigarria izaten da beti eta hautesle abertzale askok PSOE bozkatzera heltzen dira (betiko kontua, “eskuinaren otxoa datorrela!” eta bera geratzeko den bakarrari bozkatu, bozketa hauetan inoiz baino nabarmenagoa izan dena). Datu hauekin engainatuta, askotan saiatu dira PP eta PSOE EAE mailan Gobernuaz eta udalez jabetzen, orain arte poto eginez beti. Hauteskunde hauek izan duten faktore “desohikoek” ere eragin zuzena izan dute: batetik abstentzioak kalte handia egin die alderdi abertzaleei (lehen esan dudan bezela, ez dut uste ezker abertzaleko jarraitzaile tradizionalak soilik abstenitu direnik) eta bestetik PSEko kidearen erahilketaren ondoren sortu den aldeko uholdea ere kontutan hartu behar da. Ez dakit arrazoi honegatik PSE bozkatu duten abertzaleak asko direnik, baina ziur nago PSEko hautesle guzti-guztiak izan zirela hautestontzietan. Esan bezela, ez dut uste PSE emaitza hauekin engainatzen utzi denik. Agerikoa da Euskal Herrian egin duten kanpaina ez dela egon euskal auzietara orientaturik, Estatu mailako estrategia orokorrera atxikita baizik. EAJ eta Batasunaen aurkako ohiko erasoak alde batetara utzi eta PPren aurka egin dute burubelarri, Euskadi mailan zentzu geiegirik ez duena. Irratian entzun nuen bezela, deigarria da euskal sozialistek PSOEren izenean egin zutela kanpaina, eta ez PSE-EErenean.

Atzoko bozketen emaitzetatik aratago, ez nuke inork gurean ez direla hauteskunde normalak izan ahaztea nahi. Ideien ilegalizazioa, atxiloketa eta espetxeratzeak, ordezkari politiko baten erahilketa… Gatazkak goitik behera baldintzatu ditu emaitzak, bai Euskal Herri bai Estatu mailan eta hauen zilegitasuna dudan jar daiteke. Ni neu benetako hauteskunde demokratiko batzuen gogoarekin geratu naiz, aukera politiko guztien berdintasuna eta zilegitasuna errespetatu eta defendatuko duena. “Gure” alderdien jokaerak ere dezepzionatu egin nau beste behin, Madrilen Euskal Herriaren eskubideak defendatzeko proiektu bateratu bat adostu beharrean lehia elektoral mixerableetan murgildu bait dira. Espero dezagun hurrengo bozketetan egoera xamurragoa izatea, indarkeri eta inposizio zeinu guztiak desagertuta egotea. Ea hurrengoan.


2 Responses to “2008ko espainiar hauteskundeei buruz analisia”


  1. 1 rdl
    Maiatza 2, 2008 at 8:28 pm

    hola! me he pasado por tu blog y tiene pinta de ser interesante, me gustaría mucho entenderlo :( .
    No me interpretes mal, estoy totalmente a favor del fomento del euskera, pero creo que si pones una traducción al español en los comentarios por ejemplo sería genial y llegarías a mas gente.
    Bueno un saludo.

  2. 2 ikatza
    Uztaila 28, 2008 at 6:25 am

    @rdl Uno de los principales objetivos que tenía en mente a la hora de abrir este blog era el de enriquecer el panorama bloguero euskaldun, que a pesar de la voluntariedad de cientos de euskaldunes sigue siendo bastante minoritario en comparación con otros idiomas. La cuestión que planteas, el de utilizar el castellano para llegar a más gente, es uno de los debates más recurrentes por aquí, y yo me he decantado por lo que te expuesto antes, el de utilizar mi blog como otro frente más de activismo pro-euskara. Sin embargo, me pensaré eso de poner un resumen en castellano en los comentarios, y tranquilo que no quedarás sin saber mi opinión en otros foros ;)


Leave a Reply