27
Feb
08

Hemerotekei begira: 2004ean ere PSOEk ez omen zuen ETArekin elkarrizketatu behar

Espainiar Estatutko hauteskunde nagusietarako aste pare bat falta direlarik, alderdi politikoen propaganda aparatuak jo eta su ari dira lanean, etorkizun oparoak iragarriz eta hiritarron adimena iraintzen duten promesak egiten. Betikoa, hitz gutxitan, demokraziaz mozorrotutako merkataritza elektorala, hiritarroi parte hartze ilusioa sortu nahi diguna baina gauzak benetan aldatzeko aukera txikiena ematen ez duena. Euskal herritarrok aurrean dugun panorama berezia da, ia beti bezala, milaka eta milaka bozka baliogabeak eta “kutxatuak” izango baitira. Egoera honetaz baliatuko diren sarraskijaleak ere ez dira faltako, balizkotasunik txikiena eduki gabe ere gure ordezkari gisa izendatuko dutenak beraien burua. Euskaldunok hauteskunde hauetan ezer gutxi erabaki dezakegun arren, nabarmena da kanpainan dugun pisua eta kanpainaren emaitzek gugan izango duen eragin zuzena.

Benetan hauteskunde hauetan ezer jokatzen duten bakarrak bi alderdi espainiar nagusiak dira (komunikabide tradizionalen arabera besteak ez dira existitu ere egiten), PP eta PSOE, PSOE eta PP, azken urteotan eman duten haur eskolako borroka inozoa areagotu dutenak. Proposamenak eta eztabaida politikoa alde batetara utzi eta demagogia eta zinismoari eman diote burubelarri. Ea nor den gogorragoa inmigranteekin, ea nor den gogorragoa abertzaleekin… eta ezer gutxi gehiago, egia esan. Euskal auzia behin eta berriz ateratzen duten arren, nabarmena da ez direla hain zuzen euskaldunak buruan dituztenak eta horrela ulertzen dute euskal herritarrek (ikusi bestela telebistan emandako eztabaida elektoralak Euskal Herrian izan duen jarraipen exkaxa). Ukaezina da ordea bozketak Euskal Herrian eragina izango duela, bai Estatuko administrazio eta azpiegitura arloetan, baita Euskadi-Espainia erlazioetan eta beste bake prozesu bat habian jartzeko asmoetan ere.

Beste elkarrizketa prozesu bati ekiteari (ETArekin alde batetik, euskal alderdiekin bestetik) nahikoa eta soberan erantzun diote alderdi biek, gehiago oraindik, halako idi proba bati ekin diote nork botako ezezko borobilagoa. Ikuspegi tristea hasiera batean konponbide demokratiko eta baketsu baten alde egiten dugunoi, baina ez diegu hauteskunde bezperako politikarien harropuzkeri eta ahoberokeriek uzkurtu utzi behar. Hemerotekei begirada bat eman besterik ez dago: 2004ean PSOEk ETArekin ez hitzegiteko konpromisoa hartu zuen. Zapaterok berak esan zuen hitzez hitz “ETAri esateko dugun gauza bakarra indarkeria uzteko da”. Behin eta berriz errepikatu zuen mezu hau PSOE 2004 urtean zehar, eta horrela geratu da erregistratuta:

Jáuregui no ve opción para un final dialogado con ETA

Dirigentes del PSOE replican a Ibarra que cualquier iniciativa sobre ETA pasa por que abandone las armas

El Gobierno desautoriza la tesis de Ibarra de dirigir a ETA una «oferta de paz»

Gobierno y PSOE desautorizan a Ibarra y le marcan el camino: «Que se dejen las armas»

Etabar, etabar…

Gaur erakusten duen jarrera gogor bera erakutsi zuen orduan ere, eta denborarekin ikusi da ez dutela beraien hitza jateko inongo arazorik. Gauza bera egin zuen Aznarrek ere 1996 urtean, badirudi, “ez dugu ETArekin negoziatu behar” promesa elektoral estandar bat dela espainiar politikan. Horrela ba, espero dezagun konpromezu elektoral hau ahoberokeri hutsal bat izatea, gainontzekoak bezela, eta ea ez zaien berandutzen gauzak ardurarekin eta buruarekin hartu eta behar dena behar denarekin hitzegiteko.


0 Responses to “Hemerotekei begira: 2004ean ere PSOEk ez omen zuen ETArekin elkarrizketatu behar”



  1. No Comments Yet

Leave a Reply