07
Oct

Feminismoa topiko guztien gaindiketatik pasatzen da

Egia ukaezina da sexuen parekotasunaren alde asko aurreratu dugula azken hamarkadetan. Egia da baita oraindik asko dugula borrokatzeko eta lortzeko, eta honetarako ez zaigu ez gogoa ahuldu, ekimenak agortu edota gogo oneko jendea falta. Ordea, azkenaldian diskurtsu kontra-feminista indartzen eta kaleratzen ari denaren perzepzioa dut, nolabait feminismoaren zilegitasun aurrerakoia dudan jartzen ari dela, gero eta gehiago. Batzuetan anti-feminismoz mozorrotutako matxismoaren aurka ari garenaren sinismena dut, baina hau arrazoi sinpleegia da fenomeno hau justifikatzeko. Ez gara, agian, praxis feminista ezegoki baten fruituak jasotzen ariko?

Feminismoaren izenean, batez ere erakundeek bere egin zutenetik, babokeri asko egin direla eta benetan axola duena alde batetara utzi dela uste dut. Adibidez, publizitate gosea duten hainbat kolektibo pseudo-feministek egunkari bateko publizitate sexista salatzen dute. Arrazoie ez zaie falta, baina zergatik ez diote lehentasuna ematen egunkari horretan bertan agertzen diren prostituzio iragarkiak salatzeari? Zergatik aipatzen dira hain gutxi Hondarribiko alardea edo sexu arteko soldata ezberdintasuna bezalako gertuko auziak, eta hainbeste bideojoko bateko sexu rolen pisu ezberdintasunari buruzko sasi-ikerketak?

Bada gainera askotan erantzuntekorik gabe uzten nauen beste auzi bat, sexu topikoen aurrean dugun erantzun ezberdina. Iragarki, telesail edo filme batean emakumearen topiko babuak agertzen direnean zuzenean (eta arrazoiarekin) salatzen ditugu. Aldiz, ez dugu berdin jokatzen gizonari buruzko topiko babuak agertzen direnean. Askok emakumearen askapenarekin lotzen dute gainera jokaera sexista hau. Jokabide bikoitz honek feministon sinesgarritasunean eragina du.

Esan bezala, oraindik asko dugu lortzeko, baina nire ustez batzuek bere estrategia birplanteatu behar lukete. Tik hembristak ez dira erantzuna, gizon vs emakume dikotomiak ez garamatza inora. Diskurtso hau gainditzea, sexu denei atxikitutako topiko hauen birrinketa garaipen bat izango da benetako berdintasunaren bidean.

23
Jul

Gaztelaniaren manifestua, gorputztu egin den eraso bat

Badirudi batzu frankismo aroaren ondoren zamatutako konplexuak garaitzen ari direla. Nazionalismo espainiar linguistikoa, hamarkadeta luzeetan ixilik egon ondoren, indarrra hartzen hasi da azken urteotan eta orain ez oso denbora asko pentxaezinak izango lirateken ekimenak lotxa gutxirekin kaleratzen ari dira. Bereaerenaren inposizioa eta bestearenari iraina. Eraso hauek intentsitatea eta ohiartzuna irabazi dute azkenaldian eta halako zilegitasun maskara batez mozorrotu da, delako Espainiar Hizkuntzaren Aldeko Manifestuarekin gorpuztu dena. Urteetan zehar doktrina inposatua zenari, gaztelaniaren izate “batutzaile” eta “komunikatzailea”, pintura kapa berri bat eman diote sasi-filosofari eta politikari (profesional zein disimulatu) talde batek.

Objetiboki, manifestu hau kaxkarki idatzia dago, kontraesanez beteta. “Ez omen dira ez hizkuntzak ez lurraldeak hizkuntza-eskubideak dituztenak, pertsonak baizik”, esaten dute. Orduan nik, pertsona bezala, eskubidea dut nire seme-alabak euskara huts eta exklusiboan hezitzeko? Eskubidea du Petya txikiak errusiar perfektuan hezitua izateko? Ez gizona, “Espainiar guztien betebeharra da Espainiako hizkuntza amankomuna ikastea, Espainiarra“. Ez al genuen esanba, lurraldeen kontu hori anakronismo tribal bat zela? Kontraesanak ugariak dira, askotan esaldi berberean: “Estatuko hizkuntza ofizial guztiak dira espainiarrak, baina bat bakarrik da amankomuna eta bat honek du bakarrik ezagutua izateko eskubidea”. Hau da, denak dira hizkuntza espainiarrak, baina bat besteak baino gehiago. Eta gainera, ez al ginen geratu hizkuntzek ez zutela eskubiderik, pertsonak baizik? Nolatan du orduan espainiar/gaztelaniarrak “ezagutua izateko eskubidea”? Eta horrelako dozenaka. Blog honetan dago manifestu honen autopsia zehatz bat: http://blogs.publico.es/dominiopublico/category/juan-carlos-moreno-cabrera/

Gaztelaniar hiztunen eskubideetan urraketa ikusten duena gezurretan ari da,  eta Euskal Herriko hizkuntzen auzian arma gisa erabiltzen denean, gezur hipokrita eta arriskutsua. Euskal hiztunon eskubideak egunero bortxatzen dira, Euskal Herritik at dauden hainbat faktorek euskaraz bizi normal bat egite eragozten digute, eta jakintsu hauek ikusten duten urraketa bakarra “gaztelaniar hiztunen eskubideena” da? Gaztelaniaren egoeragatik benetan kezkatuta baldin badaude, zergatik ez dira Puerto Rico, Costa Rica edo Estatu Batuetako hiztunengatik kexatzen, kezkatzeko nahiko arrazoi dutenak? Edo jakintsu hauen interesa politikoagoa da kulturala baino?

Esan bezala, manifestu hau azkenaldian indartzen ari den kanpaina baten aurpegia da. Espainia sakonean espainiarra arriskuan dagoenaren idea saldu gero hizkuntza gutxituen normalizazioa eragozteko, sektore batzuei ametxgaiztoak eragiten dioten auzia. Gezur eta irain kanpaina hau bortitza izaten ari da Katalunian azken bi-hiru urteotan, eta hemeki hemeki Euskal Herrian maila berera heltzen ari da. Badirudi orain arte halako lotxa apur bat eman dietela, euskararen egoera politiko eta instituzional negargarria ikusita, “euskararen inposizioari” buruz hitzegitea. Ondo bait dago gezurrak esatea, baina saiatu apur bat bederen sinesgarritasun minimo bat edukitzen.

10
Mar

2008ko espainiar hauteskundeei buruz analisia

Ezer baino lehen, ostiralean erahildako Isaias Carrasco PSEko kidearen familiari nire elkartasuna eta babesa adierazi nahi nioke, hala nola atentatu honek sortzen didan atsekabea. Ez demokrata ez abertzale bezela ez dut ekintza hau ulertu eta ez dut uste euskal gizartearekin bidezkoa izan denik. Hautetsi politikoei erasotzeko garaiak atzean geratu zirela uste nuen eta espainiar Estatuak Euskal Herrian salbuespen egoera ezarri duen arren, ilegalizazioak eta atxiloketa arbitrarioak bezain bidegabea iruditzen zait edozein ideologiako herri ordezkarien aurkako edozein eraso. Ikuspuntu politikotik, abertzaleon ekimena hankaz gora botatzeko besterik ez du balio izan gainera. Azken hilabeteotan iniziatiba politikoa eramatea lortu dugunean, euskal gizartearen zati handi baten babesa batu dugunean, atentatuak berriro jarrera defentsiboetara atzeratu gaitu, jarduera politikoaren kalterako. Hemendik ETAri bere estrategia birplanteatzeko eskatu nahi nioke. Oraindik ez dela berandu uste dut konponbide baketsu eta demokratiko batetarako elkarrizketei eusteko, eta horrelako ekintzek elkar ulertze honetatik urrundu besterik ez gaituzte egiten, Rubalcaba eta beste guda jaunen jarrera argumentalak indartuz. Beste errepresio-ekintza espiral batek ez gaitu inora eramango (orain gauden puntura ez bada), egokiagoa jotzen dut gure etsaiak arrazoiaren armekin garaitzea, eta alde horretatik orain arte bataila asko genituen irabazita.

Zein izan dira ETAk atentatu hau burutzeko eduki dituen arrazoiak? Ostiralean PSOEko Gobernuak ezker abertzalearen aurka ireki duen sorgin ehizari erantzun bat izan zela iruditu zitzaidan, eta hori bai, ezin zela ez une ezta helburu desegokigorik aukeratu pentxatu nuen. Orain, hauteskundeen emaitzak eskuan edukita eta suertatu den banaketa politikoa ikusita, buruari buelta batzu eman eta agian ETAk nahi zuen eszenatokia otu zait. Batetik, abstentzioaren intzidentzia handia aurreikusita zuten (apustu arriskutsua, nire ustetan), atentatuarekin ezker abertzaleari eroriko zitzaizkion presio eta arbuio zaparrada kontutan hartuta ere. Alde honetatik, ETAk jarraitzaile independentisten koherentzia eta irmotasuna erakutsi nahiko luke, edozein egoeretan batuak mantentzeko duten gaitasuna erakutsiz eta Gobernuari ezker abertzalea “azukre koxkor bat bezela desegin” ezingo dutenaren mezua bidali. Beste aldetik, jakina da ETAk Estatu mailako hauteskundeekiko duen jarrera. Euskal abertzaleen presentzia instituzionala ahal den mugatuena nahi du espainiar erakundeetan, eta atentatuarekin PSEren gorakada eta abertzaleen beherakada eragin nahi zuen agian. Hauek nire gogoeta utsak dira, ekintzak sortu didan harriduraren harira pentxatuak.

Atentatua eta ETAren asmoak atzean utzita, nik hauteskude hauei buruz egiten dudan analisi xumea: Estatu mailan garaile bakarra PPSOE eta bipartidismo gordina izan dira, oso emaitza txarrak nire iritziz. Kanpaina, aurrekanpaina eta orokorrean 4 urte hauek helburu honetara orientaturik egon dira. Bi alderdi hauen ikamika antzuek espainiar komukabideak eta tertulia politiko guztiak okupatu dituzte, PSOEren aurkari dialektiko bakarra PP dela, eta alderantziz, saldu digute, eta horrelakoxeak izan dira bozken emaitzak. Alderdi txikien hautesleek, beraien betiko alderdien hutsaltasunaz eta eskuina geratzeko aukera bakarra PSOE botatzea dela konbentziturik, bipartidismoaren tranpan erori dira IU, ERC, CHA… bezalako alderdi interesgarrien kalterako. Desagertu egin dira ia eta ez dirudi alderdi handiek hauen behar handirik edukiko ditenik. Emaitza ona eman dio PPSOEri eraiki duen tentsio artifizialak.

Euskal Herriko emaitzak interesgarriagoak dira. Nabarmenena, abstentzioak izan duen intzidentzia nabaria, hamar puntuko gehiagokoa 2004ko hauteskundeekin alderatuta eta Estatukoarekin konparatuta. Ukaezina da ezker abertzaleak egin zuen deiak eduki duen jarraipen zabala, eta deigarria egun hauetako presioaren gainetik hautesle independentistek mantendu duten jarrera irmoa. Ez da erreza emaitzetatik datu garbirik ateratzea. Ziur nago ezker abertzalekoak ez ezik, EAJ, EA, Aralar… alderdietako hautesle tradizional asko ere abstenitu egin direla, ilegalizazioen aurka protestatzeko, atentatuagatik nolabait “lotxatuta” edota beraien alderdiekin dezepzionatuta. Badakit baita askok botu zuria edo nuloa eman dutela, ilegalizazioen aurka baina ETArekin bat egin nahi izan ez dutelako.

Asko aipatzen dute baita alderdi abertzale “instituzionaleek” orokorrean jaso dituzten emaitza kaxkarrak, PSE bilakatu delarik Euskal Herriko alderdirik bozkatuena. Batzuek euskal gizarteak “abertzaleen erradikalizazioari” bizkarra ematen hasi dela ulertu nahi izan dute, nire ustez ondorio oker eta interesatua. Batetik, historikoki euskaldunok ez dugu berdin bozkatzen udal eta euskal autonomiako hauteskundeetan eta Estatu mailakoetan. Azken hauetan abstentzioa deigarria izaten da beti eta hautesle abertzale askok PSOE bozkatzera heltzen dira (betiko kontua, “eskuinaren otxoa datorrela!” eta bera geratzeko den bakarrari bozkatu, bozketa hauetan inoiz baino nabarmenagoa izan dena). Datu hauekin engainatuta, askotan saiatu dira PP eta PSOE EAE mailan Gobernuaz eta udalez jabetzen, orain arte poto eginez beti. Hauteskunde hauek izan duten faktore “desohikoek” ere eragin zuzena izan dute: batetik abstentzioak kalte handia egin die alderdi abertzaleei (lehen esan dudan bezela, ez dut uste ezker abertzaleko jarraitzaile tradizionalak soilik abstenitu direnik) eta bestetik PSEko kidearen erahilketaren ondoren sortu den aldeko uholdea ere kontutan hartu behar da. Ez dakit arrazoi honegatik PSE bozkatu duten abertzaleak asko direnik, baina ziur nago PSEko hautesle guzti-guztiak izan zirela hautestontzietan. Esan bezela, ez dut uste PSE emaitza hauekin engainatzen utzi denik. Agerikoa da Euskal Herrian egin duten kanpaina ez dela egon euskal auzietara orientaturik, Estatu mailako estrategia orokorrera atxikita baizik. EAJ eta Batasunaen aurkako ohiko erasoak alde batetara utzi eta PPren aurka egin dute burubelarri, Euskadi mailan zentzu geiegirik ez duena. Irratian entzun nuen bezela, deigarria da euskal sozialistek PSOEren izenean egin zutela kanpaina, eta ez PSE-EErenean.

Atzoko bozketen emaitzetatik aratago, ez nuke inork gurean ez direla hauteskunde normalak izan ahaztea nahi. Ideien ilegalizazioa, atxiloketa eta espetxeratzeak, ordezkari politiko baten erahilketa… Gatazkak goitik behera baldintzatu ditu emaitzak, bai Euskal Herri bai Estatu mailan eta hauen zilegitasuna dudan jar daiteke. Ni neu benetako hauteskunde demokratiko batzuen gogoarekin geratu naiz, aukera politiko guztien berdintasuna eta zilegitasuna errespetatu eta defendatuko duena. “Gure” alderdien jokaerak ere dezepzionatu egin nau beste behin, Madrilen Euskal Herriaren eskubideak defendatzeko proiektu bateratu bat adostu beharrean lehia elektoral mixerableetan murgildu bait dira. Espero dezagun hurrengo bozketetan egoera xamurragoa izatea, indarkeri eta inposizio zeinu guztiak desagertuta egotea. Ea hurrengoan.

27
Feb

Hemerotekei begira: 2004ean ere PSOEk ez omen zuen ETArekin elkarrizketatu behar

Espainiar Estatutko hauteskunde nagusietarako aste pare bat falta direlarik, alderdi politikoen propaganda aparatuak jo eta su ari dira lanean, etorkizun oparoak iragarriz eta hiritarron adimena iraintzen duten promesak egiten. Betikoa, hitz gutxitan, demokraziaz mozorrotutako merkataritza elektorala, hiritarroi parte hartze ilusioa sortu nahi diguna baina gauzak benetan aldatzeko aukera txikiena ematen ez duena. Euskal herritarrok aurrean dugun panorama berezia da, ia beti bezala, milaka eta milaka bozka baliogabeak eta “kutxatuak” izango baitira. Egoera honetaz baliatuko diren sarraskijaleak ere ez dira faltako, balizkotasunik txikiena eduki gabe ere gure ordezkari gisa izendatuko dutenak beraien burua. Euskaldunok hauteskunde hauetan ezer gutxi erabaki dezakegun arren, nabarmena da kanpainan dugun pisua eta kanpainaren emaitzek gugan izango duen eragin zuzena.

Benetan hauteskunde hauetan ezer jokatzen duten bakarrak bi alderdi espainiar nagusiak dira (komunikabide tradizionalen arabera besteak ez dira existitu ere egiten), PP eta PSOE, PSOE eta PP, azken urteotan eman duten haur eskolako borroka inozoa areagotu dutenak. Proposamenak eta eztabaida politikoa alde batetara utzi eta demagogia eta zinismoari eman diote burubelarri. Ea nor den gogorragoa inmigranteekin, ea nor den gogorragoa abertzaleekin… eta ezer gutxi gehiago, egia esan. Euskal auzia behin eta berriz ateratzen duten arren, nabarmena da ez direla hain zuzen euskaldunak buruan dituztenak eta horrela ulertzen dute euskal herritarrek (ikusi bestela telebistan emandako eztabaida elektoralak Euskal Herrian izan duen jarraipen exkaxa). Ukaezina da ordea bozketak Euskal Herrian eragina izango duela, bai Estatuko administrazio eta azpiegitura arloetan, baita Euskadi-Espainia erlazioetan eta beste bake prozesu bat habian jartzeko asmoetan ere.

Beste elkarrizketa prozesu bati ekiteari (ETArekin alde batetik, euskal alderdiekin bestetik) nahikoa eta soberan erantzun diote alderdi biek, gehiago oraindik, halako idi proba bati ekin diote nork botako ezezko borobilagoa. Ikuspegi tristea hasiera batean konponbide demokratiko eta baketsu baten alde egiten dugunoi, baina ez diegu hauteskunde bezperako politikarien harropuzkeri eta ahoberokeriek uzkurtu utzi behar. Hemerotekei begirada bat eman besterik ez dago: 2004ean PSOEk ETArekin ez hitzegiteko konpromisoa hartu zuen. Zapaterok berak esan zuen hitzez hitz “ETAri esateko dugun gauza bakarra indarkeria uzteko da”. Behin eta berriz errepikatu zuen mezu hau PSOE 2004 urtean zehar, eta horrela geratu da erregistratuta:

Jáuregui no ve opción para un final dialogado con ETA

Dirigentes del PSOE replican a Ibarra que cualquier iniciativa sobre ETA pasa por que abandone las armas

El Gobierno desautoriza la tesis de Ibarra de dirigir a ETA una «oferta de paz»

Gobierno y PSOE desautorizan a Ibarra y le marcan el camino: «Que se dejen las armas»

Etabar, etabar…

Gaur erakusten duen jarrera gogor bera erakutsi zuen orduan ere, eta denborarekin ikusi da ez dutela beraien hitza jateko inongo arazorik. Gauza bera egin zuen Aznarrek ere 1996 urtean, badirudi, “ez dugu ETArekin negoziatu behar” promesa elektoral estandar bat dela espainiar politikan. Horrela ba, espero dezagun konpromezu elektoral hau ahoberokeri hutsal bat izatea, gainontzekoak bezela, eta ea ez zaien berandutzen gauzak ardurarekin eta buruarekin hartu eta behar dena behar denarekin hitzegiteko.

11
Feb

No time for love - zabaldu elkartasuna

Ez dago maitasunerako aukerarik Euskal Herrian, zabaldu elkartasuna

Garai latzak gaurkoak, etorkizun zoriontsuago batean harriduraz, lasaitasunez eta itzuliko ez direnaren itxaropenarekin begiratuko ditugunak. Azken asteotan Euskal herriak bizi eta euskaldunok nozitzen ditugun jazoera segida honek intentsitate zorabiagarria hartu du egun hauetan.  Inkisitzaileek Euskal Herriaren eta Justizia unibertsalaren aurkako erasoa indartu dute, errepresio gordinena ezarriz: gaur 14 ordezkari abertzale atxilotu dituzte, atzo beltzek milaka pertsonen aurka eraso zuten Bilboko manifestazio batean, herenegun bi alderdi politiko, EHAK eta EAE-ANV legez kanporatu zituzten… Espainiar Estatuak ezarri duen eta gaur egungo Europan ezezaguna den salbuespen egoera honen azken oldarraldiak dira, aurrerago izan diren erasoei geitzen zaiena (18/98 makroprozesua, argitara atera diren tortura kasu ugariak…)

Egun gogorrak esan bezala, euskal herritarrontzako eta Justizian eta Demokrazian sinisten duen edozeinentzako. Orain urtebete irrifarreak eta esperantzak ematen zizkiguten agintariak zakur amorratak bilakatu dira, ekintzetan eta hitzetan. Orain urtebete gure arazo endemiko honen konponbidea eskura genuela uste genuelarik, beste aro batzuetako egoera gordinera itzuli gara. Tristura, ezintasuna, amorrua… Sentimentu ezkorrak eta etsituak nabari dira kalean. Lubakiean garaia ezarri nahi dute, ez elkarren ulermenarena. Gorrotoaren garaia ezarri nahi dute, ez maitasunarena.

Horrelako uneetan erreza ez den arren, ez dugu pentsamendu ilunei  gure justizia eta herri gogoa kakazten utzi. Etsipena itxaropen bilakatzen saiatu behar gara eta ezintasuna lanerako gogo. Irrazionaltasunari gure arrazoien irmotasunarekin erantzun behar diogu. Asko aurreratu dugu orain arte, gauza asko lortu ditugu, eta hori hor dago eta egongo da. Helduko dira garai hobeak.

http://notimeforlove-istimeforpeace.blogspot.com/ 

07
Feb

Pasa dira ba, aurtengo iñauteriak ere

En Tolosa, Iñauteriak
Txema “El Bajo” tiende la colada
una porra salchichón
¡pero que coño haces
Tú sin disfrazar!.

Hausterre eguna (asteazkena) pasata, iada amaitutzat eman ditzakegu gaur astebete hasi ziren iñauteriak. Tolosa ingurukoak garenentzako iñauteriak egutegian markatuta dugun hitzordu saiestezina dira eta Gozategiren abestiak esaten duen bezala, ikasketak (eta lana) ahaztu eta farra on bat botatzeko aukera izan dugunok zubi ederra bota dugu: lagun zaharrekin egon, aspaldiko partez mozkortu, tximinoarena egin apur bat… Baina bueno gazteok, bukatu da katxondeoa eta orain 40 egunetako garizuma dator, asike formal-formal ikusi nahi zaituztet denak. Iñauteri hauek iada oroitzapenak dira, eta oroigarri eta omenaldi bezala, hor doaz aurkitu ditudan bideotxo batzu:

06
Feb

Real Politik - Joseba Tapia eta Koldo Izagirre

2006 urtean Joseba Tapia (bere orria http://www.josebatapia.com) soinujoleak autoproduzitu eta kaleratu zuen diskari izena ematen dion kantua, Koldo Izagirre idazlearen letrarekin. Abesti soil eta gustagarria, 100% basque kutxu horrekin, baina mezu zorrotz eta birrintzailea zabaltzen duena, gaur egungo politikan aurkitzen dugun hipokresia eta zurikeriaren kritika. Ni behintzat harri eta zur utzi ninduen, autoan nindoala lehen aldiz entzun nuenean: “Hori da hori arrazoia”.

Entzun ezazu kontzejal jauna edo anderea:

badakizu dakizunez

nazkatu gara ogi lizunez

ez dugu nahi gosaldu albiste ilunez.

Gure plazan gauero eguzki betea!


Berak ezin zuen ezer egin

ez zen bere eskumenekoa

baina ados zegoen gurekin:

doan eman zigun bostekoa!

Ederra zen borroka lurrina

lepokoan zeukan ikurriña.


Entzun ezazu alkate jauna edo anderea:

presa berririk ez arren

ederto goaz azkengarren

ez zaigu ardura berandutu arren.

Bareari berea, hori da legea!


Berak ezin zuen ezer egin

ez zen bere eskumenekoa

baina ados zegoen gurekin:

doan eman zigun bostekoa!

Ederra zen aberri lurrina

balkoian zeukan ikurriña.


Entzun ezazu sailburu jauna edo anderea:

ez dugu maite ardaila

bihar joko dugu bataila

Goliatek proba dezan Daviden habaila.

Handiak txikitzea da gure xedea!


Berak ezin zuen ezer egin

ez zen bere eskumenekoa

baina ados zegoen gurekin:

doan eman zigun bostekoa!

Ederra zen ikara lurrina

paparrean zeukan ikurriña.


Entzun ezazu lehendakari jauna edo anderea:

herriak zuri emana

ez baita nolanahiko zama

hartzen dituzun lanak ditzagula bana…

Zuretzako botoa, guri boterea!


Berak ezin zuen ezer egin

ez zen bere eskumenekoa

baina ados zegoen gurekin:

doan eman zigun bostekoa!

Ederra zen haserre lurrina

bihotzean zeukan ikurriña.


Entzun ezazu jaungoiko jauna edo anderea:

zugana gatoz itsuan

mundu triste honen izuan

zenbatean etxeak hor paradisuan?

Zure artaldekoa da euskal aberea!


Berak ezin zuen ezer egin

ez zen bere eskumenekoa

baina ados zegoen gurekin:

doan eman zigun bostekoa.

Ederra zen gezurren lurrina

hodeietan zeukan ikurriña.


Entzun ezazu deabru jauna edo anderea:

gozamenaren azkura

aspaldi zeharo galdu da

hemen behar dena da zure diktadura

parrilan erretzeko Kristoren jendea!


Berak ezin zuen ezer egin

ez zen bere eskumenekoa

baina ados zegoen gurekin:

doan eman zigun bostekoa.

Ederra zen porroten lurrina

errautsetan zeukan ikurriña.

18
Jan

Errepidean hildakoen erantzulea Abiaduraren Kultura da

Gure gizartean epidemia hilgarririk bada, hau auto istripuena da. Errepidean hildakoen gazte kopurua heriotza kausarik ohikoena da gazteen artean, drogak, lan istripuak edota gaixotasunak baino gehiago. Nork ez dugu ezagutzen auto istripuan hildakoren bat? Bizi guztirako ondorioak geratu zaizkion dohakaberen bat? Nork ez du lagun edo sendiko bat susto latza hartua? Gerra, gosete edo gaixotasun faltan, badirudi mendebaldeko gizarte honek bere gazteak hiltzeko modu berriak asmatzera behartua izaten dela. Gobernu ezberdinak arazoa konpontzen ahalegintzen direla esaten duten arren (multa zorrotzagoak, puntuko gidabaimena…), zifrek ez dute engainatzen: errepideetan hildakoen kopurua ez aurrera ez atzera dago eta aplikatzen diren neurriek eman ahal zutena emana dutela ematen du. Ez al da iada ezer gehiago egin? Heriotza hauek betirako jasan beharko ditugun gaitz endemiko bat al dira? Nire ustez ez, baina auziari aurre egiteko erabiltzen den ikuspuntua ez da egokia.

Istripuaren ardura eragin duenarena dela soilik konbentzitu dugu gure burua (ez gaizki ulertu esan nahi dudana, 200km/h eta mozkortuta doana arduragabe arriskutsu bat da, hori ez du inork zalantzan jartzen) eta auto istripuen aurkako politika guztia maxima honetara zuzendurik dago: erruduna zigortzera edota gidariak zigorrarekin beldurtzea. Begibistakoa da ikuspuntu honek ez duela ezbeharren kopurua era ikusgarrian jeitsi, ez duela jendea abiaduraren arriskuaz eta tonelada pasatxoko makina bat eramateak ekartzen duen ardurari buruz kontzientziatzea lortu. Oinarrizko zerbaitek huts egiten du, eta hau gure gizartean eta garunetan erraietaraino sartuta dagoen Abiaduraren Kultura da.

Gidatzean arduratsua izan behar dugula ohartarazten gaituzten mezuak kaka hutsa dira abiaduraren apologia egiten duten propaganda eta diskurtsoen zaparradaren aurrean. Abiaduraren kontzeptua askatasunarekin, arazoetatik ihes egitearekin, dibertsioarekin, boterearekin eta gizontasunarekin (pf!) lotzen dugu. Txiki txikitatik, abiadaren zirrara igorri digute gure jostailuetan (HotWheels, velocidad a tope!) eta marrazki biziduenetan, erantzunkizunaren kontzeptuaren arrastorik gabe. Telebistan ikusten ditugun istripuen irudiak ezerezean geratzen dira, edonon aurkitzen bait ditugu abiaduraren onura eta estetika saltzen diguten mezuak: filmeak (”The Fast & THe Furious” har genezako adibide bezela, baina ze filmek ez du auto lasterketa bat?), bideojokoak… Gero eta auto potentegoak saltzen eta desirarazten dizkigute (eta gero abiaduraren mugak errespetatzean nahi dute?), eta “jolastea atsegin duzu?” bezalako mezuekin iragartzen.

Arazoa ez da multekin eta puntutako gidabaimenekin gidari ausartenak (burugabeenak) kokiltzen saiatzea, soberan frogatu da honek ez duela funtzionatzen. Zabaltzen den mezua ez da “ez dezadan edan, joan nadila tentuz eta lasai, errepidea gauza serioa baita”, baizik eta edateak, azkar joateak eta bolantean balentriak egiteak duen arazo bakarra ertzaintzak arrapatzea dela. Auzi honen irtenbidea, nere ustez, arduraren kultura bat sustatzean eta abiaduraren mitoa eraisten saiatzean datza. Errepidea gai serio bat bezala hartzen hasi, zabaltzen diren mezuekin kontu handia edukiz eta arinki eta axolagabe ez hitzeginez, gaur egun sexismoaren eta arrazakeriaren auziak tratatzeko erabiltzen den erregistro berean. Auto fabrikatzaileek arau moral saiestezin gisa hartu behar lukete auto motelagoak eraikitzea.

Ez da nire asmoa gogoeta hauekin inorri ezer aurpegiratzea, eta erretolika moral erredentorearen antza badu sentitzen dut, baina abiaduraren auzia tratatzen den arinkeriak eta saltzen diguten irudi “guaiak” sutan jartzen nau, badirudi ez garela konturatzen hildakoak eta bizi guztirako elbarrituak sortzen dituen arazo bat dela, jende asko dagoela sendiko edo lagun bat errepidean galdu duena (zorionez ez naiz horietako bat), eta hauei ez zaiela iruditzen jolas bat edo algaraka tratatzeko gai bat denik. Datu ezkor guztien gainetik istripuetan hildakoen arazoak konponbidea duenaren sinismena dut, baina horretarako gauza asko aldatu behar dira eta hartu beharreko neurri asko ez dira oso onartuak izango. Ez egon zain Gobernuak edo Jaurlaritzak legez behartzera, lehen esan dugun bezala inposaketak ez du ezer konpondu orain arte. Norberak hasi behar du duen erantzunkizunaren jakitu izaten.

11
Jan

Torturari ez - Aste esanguratsua egizaleen eta manipulatzaile eta tratu txarren ezkutatzaileen artean

Denboraldi batean politikari buruz hemen ez hitzegiteko konpromisoa hartu nuen, baina badirudi herri honetan hori ezinezkoa dela. Aurreko golpeetatik (18/98 etab…) errekuperatzeko denborarik ez, eta torturaren mamuak berriro (joan al zen noizbait?) jotzen gaitu muturrean. Igandean bi gazte atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta astelehenean bat, astindu latz baten hostean, larri hospitaleratu egin behar izan dutenaren albistearekin esnatzen gara. Aste tirabiratsua izan da hau: ezagutzen joan diren xehetasunak, informazio kontrajarriak, politikari eta gizarte eragileen adierazpenak… eta denaren gainetik ondo ezaguna dugun dejavú sentsazio hau.

Espainiar komisaldegietako tortura beti egon da hor (Amnistia Internazionalak eta ONU bezalako erakundeek salatzen duten bezala), periodikoki entzuten dira gure hartean tratu txarrei buruzko historiak, Euskal Herritik kanpo ohiartzun gutxi edukitzen duten arren. Oraingoan gauza desmadratu egin zaie ordea. Batetik Igor Portu eta Mattin Sarasola egurtu dituzten Guardia Zibilak ez dira batere “profesionalak” izan eta markarik ez uzteko urrezko erregela hautsirik, hospitalera bidali dute bata eta hubelduz beteta utzi bestea. Eta bestetik, euskal komunikabideei esker lehenaren mediku txostena zabaldu da, tratu txarrak egon direla froga sahiestezin bilakatu dena. Azken honen faltan, ez litzateke aurreneko aldia izango ebidentzia fisikoei eta begi bistan ikusten diren zauriei entzungogor egin eta inolako indarkeriarik egon dela gezurtatzen ausartuko zirena. Honi esker kasu honek espainiar gizartean eta komunikabideetan entzutea eduki du (ze erremedio) eta besteetan ez bezala ordezkari politikoen erreakzioak sortu. Hipokrita batzuek tortillari buelta eman nahi izan diote gainera, eta kasu honek eduki duen ohiartzuna zurigarri bezela erabili “ikusten, benetan zerbait gertatzen denean jakin egiten da, sistemak funtzionatzen du eta justua da”. Kale indarkeriaren aurrean hain irmo eta asaldaturik agertzen diren beste batzu ixilik, adierazpen moderatuekin eta “errugabetasun printzipioa” errespetatzu agertu dira.

Gobernuaren erreakzioa aurrikusteko modukoa izan da, GALeko garai zaharretan bezala eskuak garbitu ditu, begibistakoa dena ukatuz eta inor (ezta bere aldeko komunikabide eta sasikazetari ugari ere) konbentzitzen ez duten azalpenak emanez. Guardia Zibilak kontatzen duena bi hankako mahaia baino ahulagoa da, hainbat aldiz aldatu dute bere bertsioa (aurrena atxiloketa “garbi” bat izan omen zen, gero atxilotu bat autoaren kontra jo eta zauritu zela kontatu digute, ondoren ihes egiten saiatu zirela…), denborek eta gertaerek ez dute bat egiten… ez dira aitzaki sinesgarri bat asmatzeko ere gai. Zertarako? Estatuak beti du arrazoia. Rubalcaba telebistan atera zenean argi utzi zuen bere asmoa: ez tortura zurrumurruak aztertu eta erantzunkizunak eskatzea, baizik eta denaren gainetik Guardia Zibilaren izen ona babestu eta bertsio ofizialean sinisten ez dugunoi erasotzea.

Gaur ostiralak 11, atxiloketetaik 4 egunetara, gauzek norabide interesgarri bat darabilte. Lekukoek Guardia Zibilak esana gezurra dela esan eta epailearen aurrean idatzita utzi dute. Gobernuak eta espainiar komunikabidek muzin egiten diote informazio berri hauei inguruan ezer esateari eta bertsio zaharrari eusten diote. Ea nola amaitzen den hau. Ea ohikoa den bezela ez den amaitzen behintzat. Nire zorionik beroenak aste guzti honetan zear hain gogor lan egin duten euskal komunikabideei, ateratzen joan diren informazioei esker egiaren alde “Zuzenbide Estatu” ustela hormaren aurka jartzea lortu dutelako. Nire eskerrona Gobernuaren amenazuen gainetik ikusitakoa kontatu eta Guardia Zibilaren bertsioa desegin duten lekukoei. Baita torturaren aurka aste honetan mobilizatu diren guztiei ere. Denon hartean lortuko al dugu noizbait terrorista berdeen inpunitatearen amaitzea.

04
Jan

They Live, John Carpenterren harribitxi kritikoa

Gaur egungo gizarte kapitalista kritikatzeko modu asko jorratu ditu zineak, ironiaz batzutan, gordintasunez bestetan eta baita zientzia fikziozko ipuinean kamuflatutako metafora bat gisa ere, nire film gogokoenetariko batean bezala. Eta kapitalismoa ekarpen extralurtar bat balitz eta ez gizatasunari atxikita doan mentalitate bat? Politikoki eta ekonomikoki gidatzen gaituen “elite gorbataduna” gizaki itxurako alien infiltratuak balira? Ideia hau hartuta eta 50. hamarkadako zientzia fikziozko filmetan oinarriturik filmatu zuen John Carpenter zuzendariak They Live filma, munstro itxusien aurkako borrokatik haratago, gizarte kontsumista eta yuppiaren kritika zorrotza egiten duena. Izenburuak filmean agertzen den graffiti bati egiten dio erreferentzia, gure gizartearen pasibotasuna kritikatzen duena: “They live, we sleep” (beraiek bizi egiten dira, gu lo gaude). Pelikula Estan Vivos bezela zentzugabeki hitzulia aurkeztu zen gaztelanieraz, bere berezko esanahia galduz, eta Invasion Los Angeles frantziarrez.

Historia hiri handi bateko langile estatubatuar baten ikuspuntik kontatzen da. John Nada langabezian eta kale gorrian bizi den tipo handi jator bat da. Beste hainbat langabeturekin batera txabola auzo batean bizi eta eliza bateko laguntzetari esker jaten duen arren, optimista da, aukera berdintasunean eta lan gogorrean sinisten du eta bere aukera noiz iritsiko zain bizi da. Gertaera bitxi batzuen ostean (talde iraultzaile baten mezu pirata arraro bat telebistaren seinalean, poliziaren karga bortitz bat bere txabola auzoa eraisten duena…) betaurreko beltz bitxi batzu aurkitzen ditu. Ez dira nolanahiko betaurrekoak ordea, berauekin John Nada irudipenak ikusten hasten bait da: berez ikusten ez diren letra beltzeko mezu handiak ikusten ditu hormetan, egunkarietan, telebistan, erakusleihoetan… “Obeditu”, “Erosi” eta “Irudimenari ez” bezalako esloganekin. Ez da hor amaitzen erokeria, ze segituan berebiziko sustoa hartzen du protagonistak. Pertsona gutxi batzuen aurpegia erabat desitxuratua ikusarazten die betaurrekoek, kaskezur itxuradun mamuak. Poliziak, empresagizonak, bankariak, telebistako politikari eta kazetariak… gehientxuenak munstroak dira, herritar soilak gizakiak direlarik. Bere burua zoratuta ez dagoela konbentzitzea lortu ondoren, berak ikusten dituen gauza berak ikusten dituzten talde bateko kideak berarekin kontaktuan jarri eta egoerari buruz berri ematen diote: extralurtarrak munduaz jabetu dira sekretupean eta sistema kapitalista ezarri dute planeta ixilpean ustiatzeko.

Garai batean asko ugaritu ziren Hollywooden The Invasion of the Body Snatchers bezalako inbasio extralurtarrei buruzko filmak, non lurraz kanpoko munstroek gure gizartea suntsitzeko bertan infiltratzen saiatzen ziren, giza itxura hartuz. Askok film mota honen ekoizpen eta arrakastan gizarte estatubatuarraren mamuak ikusi ditu: atzerritarrek “American Way of Life” perfektuan eduki dezaketen eraginaren beldurra, espia komunistei buruz ohartzen duen propaganda, etab… Carpenterrek planteamentu honi buelta ematen dio: extralurtarrak orain kapitalistak dira, gure gizartea iada azpiratua dago eta gure bizimodu kontsumista “zoriontsu” eta pasibo hau da menpekotasun honen adierazgarri eta sustatzaile nagusia. Inbaditzaileek lehiakortasuna, handinahia, berekoikeria eta sistemari obedientzia bezalako baloreak ezartzen dizkiete gizakiei, horretarako etengabe publizitate subliminalaz bonbardatuz (oso adierazgarria den eszena batean, diru billeteek “ni naiz zure Jainkoa” mezu ezkutua dutela ikusten da).

Zuzendaria, Jonh Carpenter, beldurraren eta zientzia fikzioaren maisutzat jotzen da eta gaur egungo filmegile independienterik errespetatu eta mirestuenetarikotaz jotzen da (nire gogokoenetarikoa ere bada). 1974eko bere lehen filma zuzendu zuenetik ez du arrakasta komertzial handiegirik izan, baina The Thing, Halloween, Assault on Precinct 13 eta In the Mouth of Madness bezalako bere lanak maisulanetzat jotzen dituzte kritikoek eta fantasiaren zaleek. Carpenter berak They Live dela bere lanik pertsonalena dio, 80. hamarkadetako gizartearen komertzializazioari buruz zuen iritzia bertan adierazi zuelarik.

They Live